Category: Kirola
“Jendea borondatez dabil beharrean taldeetan; euren lana erraztu egin behar da”
Mar 27 2012- ondarroa
- 0 Comments
Arantza Burgoa eta Iñaki Beitia
Kirol zinegotzia eta kirol batzordeko kidea
Udalean sartu zirenean, kirol lan taldekoek hiru ardura nagusiri aurre egin behar izan zieten: zortzi urtean batu barik zegoen kirol batzordea martxan ipini, aurreko udal kudeaketa batzordeak deitu gabe laga zuen 2011ko diru-laguntza deialdia egin eta diru-laguntzen araudia aldatzen hasi.
Zelan egin duzue diru-laguntzen araudiaren aldaketa?
Kirol batzordea udal korporazio berriak martxan ipini zuen lehenengotariko batzordea izan zen, eta lehenengotik hasi ginen 2011ko diru-laguntzen deialdia martxan ipintzen (aurreko udal taldeak deialdia egiteko zeukan oraindik!), eta araudi berria prestatzen ere hasi ginen.
Araudia birmoldatzeko lantalde bat osatu da, kirol eta kultur taldeetako boluntarioekin. Lantalde honek araudi berriaren zirriborroa egin du, eta kirol eta kultur batzordeetan aurkeztu ostean onartu egin da.
Zeintzuk aldaketa proposatzen dituzue araudian?
Hasteko, gastuak justifikatzeko irizpideak arindu ditugu. Horretarako, eranskinak estandarizatuko ditugu. Adibidez, erregaiaren tiketak aurkeztu ordez, kilometrajea egiaztatzea nahikoa izango da, horretarako prestatutako txantiloi baten bidez.
Herriko talde gehienak daude gaur egungo sistemarekin nekatuta. Taldeetan dabiltzan herritarrak borondatez ibiltzen dira gauzak antolatzen, eta nahikoa lan edukitzen dute urteroko egitaraua ahalik eta ondoen aurrera ateratzen. Borondatez dabilen jendea da, eta euren lana erraztu behar da. Esate baterako, taldeei eskatzen dutenaren %85a aurreratuko zaie diru-laguntza onartu eta hilabetera. Horrela, taldeek ez dute ibili beharko urte amaieran kobratuko duten dirua aurrezten.
Honez gain irizpide taula eta puntuazio sistema bat egin ditugu, ekintza bakoitzaren eragina baloratzeko. Era honetara, puntu gehien lortzen dituzten ekintzek diru-laguntza handiagoak jasoko dituzte. Horretarako jarraipen eta ebaluazio batzorde bat sortuko da, teknikari, alderdi politiko eta batzordeetako ordezkariekin.
Bukatzeko lortutako puntuazioa eta jaso beharreko diru-laguntza kopurua lotzen dituen formula matematiko bat aplikatuko dugu puntu gehien lortzen dituzten ekintzak hobesteko edo bultzatzeko, orain arte aplikatu izan den hiruko erregela soilaren ordez.
Zer beste lan egiten dabil Kirol Batzordea?
Polikiroldegiak ez du araudirik eduki orain arte, eta hori idazten ari gara, langileekin batera. Kirol agenda ere martxan ipini dugu, interneten, eskoletan eta polikiroldegian. 6 hilean behin kirol buletina ere aterako dugu, batzordeko kideen laguntzagaz.
Kanpaina bat ere egin nahi dugu, herriko kirolari desberdinak ezagutzera emateko, bai taldean dabiltzanak eta baita bakarka dabiltzanak ere. Kirolariak euren artean ezagutzea nahi dugu, eta herrian dagoen kirol mugimendua bistaratzea ere bai. Bestetik, ikastetxeekin multikirola bultzatu nahi dugu, ekintza desberdinak antolatuta. Asmoa da ikasleek kirol desberdinak ezagutzea eta euren gustukoa aukeratzea.


